ORIENTATZAILEEN EGINKIZUNAK

Orientazioa hezkuntza-jardueraren parte da eta, zentzu horretan, irakasleen ardura da, beren irakaskuntza-funtzioaren zatia baita. Hala eta guztiz ere, hori ez da oztopoa gai horretako funtzio espezifikoak hezkuntza-orientazioko espezialitateko irakasleei esleitzeko (hots, orientatzaileei).

Besteak beste, funtzio hauek ditu:

Aniztasunari erantzutea

Tutorearekin eta taldeko irakasleekin lankidetzan, Orientazioko departamentuan hautematea eta aztertzea ikasleek dituzten ikasteko zailtasunak, behar den kasuetan ebaluazio psikopedagogikoa egitea, eta antolaketarako, metodologiarako, hezkuntza indartzeko eta, hala badagokio, curriculuma egokitzeko neurriei buruz aholkatzea eta horien jarraipena egitea.

Ikastetxeko irakasleei aholkuak ematea berariazko arreta-planak eta –programak (curriculum anitzeko gelak, zereginak ikasteko gelak, hezkuntza-errefortzu berezien proiektuak) diseinatzeko, egiteko eta ebaluatzeko eta horien jarraipena egitea.

Ikastetxearen Hezkuntza Indartzeko Plana prestatzea irakasle-taldearekin lankidetzan. Plan horretan jasoko dira ikasleek ikastean izan ohi dituzten zailtasunei aurre egin eta ikaskuntza sendotze aldera irakasleek diseinatutako hezkuntza-neurriak, indibidualak zein kolektiboak.

Orientazioa eta tutoretza

Ikastetxeko ikasleentzat orientazio profesionaleko programa bat prestatzea etapa ezberdinetarako, ibilbideak eta etorkizun profesionalak aukeratzeko garaian berdintasuna sustatuz, eta programa hori garatzeaz eta ebaluatzeaz arduratzea.

Tutoretza-plana prestatzen aholkatzea eta maila bakoitzeko tutoreekin koordinaziobilerak izatea, aldiro, planaren garapenari eta ebaluaketari buruz aholkatzeko, batik bat Bizikasi ekimenean txertatutako proposamen didaktikoak bereziki lantzeko programatutako jardueretan.

DBHko ikasturte amaieran, irakasleei aholku ematea ikasleen orientazio-txostena prestatzeari buruz, bereziki hezkuntza-neurrien eta hezkuntza-ibilbideko proposamenen gaineko erabakietan.

Ikasleei eta familiei aholkuak ematea, bereziki kontu hauetan: garapen pertsonalari eta akademikoei buruzko gaietan, hezkuntza-etapen arteko trantsizioan eta hezkuntzaibilbidea hautatzekoan.

Bizikidetza

Bizikasi ekimeneko talde dinamizatzailean kide aktibo gisa parte hartzea.

Talde dinamizatzailearekin batera, bizikidetza-arazoen prebentzio eta ebazpenaren kudeaketako buru izatea.

Ikastetxean sor daitezkeen jokabide-arazoei aurre egiten eta horrelakoak konpontzen laguntzea.

Etengabeko hobekuntza

Ikastetxeko koordinazio pedagogikorako batzordearekin (batez ere, ikasketa-buruarekin) elkarlanean jardutea eta jarduketa-planak eta proposamenak aurkeztea departamentu didaktikoak eta irakasle taldeak koordinatzeko.

Hezkuntza berriztatzeko eta ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak etengabe hobetzeko programak sustatzea eta horrelakoak egiteko aholkuak ematea zuzendaritza-taldeari.

Koordinazioa beste eragile batzuekin

Ikastetxetik kanpoko hezkuntza- eta gizarte-eragileekin eta komunitate-eragileekin koordinatzen laguntzea, ikasleen jarraipen egokia egin dadin, ikasleak integratu daitezen eta ikasketetan horien arrakasta berma dadin.

Irakaskuntza

Egokia bada, bere espezialitateko ikasgaiak ematea.